Bidasoko Bide Berdea

DESKRIBAPENA

Ibilbide erraza eta atsegina da, profil ia laua duena. Bide Berdearen ibilbidea proposatzen dugun noranzkoan eginez gero, Bidasoa ibaiaren beheranzko aldapa leuna baliatzeko aukera izango dugu. Ibilbidea egiteko, Tren Txikitoaren bide zaharra hartu, eta hainbat herri zeharkatzeko, tunelak igarotzeko eta baserriz apaindutako paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Doneztebetik irten ondoren, Bortzirietako eskualdea zeharkatu eta Gipuzkoako mugan amaituko dugu. Bidean zehar, dike txiki batzuk, kiwi-sailak eta ahaztutako bunkerren bat edo beste aurkituko ditugu. Oso bitxiak dira izokinei ibaiko oztopoak gainditzen laguntzeko dauden ibai-eskalak. Bidasoako herrialdea (Pio Barojak horrela deitzen zion) muga zehatzik gabeko lurra da; ibaia da topagunea eta elkargunea. * Kontuz ibiltzea gomendatzen dugu, ondoko finketan bizi direnen ibilgailuak bidean sartzen baitira.

EZAUGARRIAK

Distantzia:35 km
Desnibela: 83 m
Iraupena: 3h 30 min.
Zailtasuna:

Download

Bidasoko Bide Berdearen informazio gehiago, historiaz beteriko ibilbidea.

IRAGANA

Tren txikia/Tren txikito” esaten zioten bertakoek Irun-Endarlatsa ibilbidea, gehienbat Bidasoa ibaiaren ezkerraldetik, egiten zuen meatze-tren zaharrari. Aiako Harriko eta Endarlatsako meategietatik ateratako materiala garraiatzeko helburuarekin sortu zuten trena. Bidasoa Railway and Mines konpainia ingelesak inauguratu zuen linea, XIX. mendearen amaieran. Geroago, linea Elizondoraino eraman zuten, eta bidaiari-tren bihurtu zen. Trenbidea estua zelako (0,92 m) esaten zioten Tren txikia, eta berrogei eta hamarreko hamarkadan egin zuen azken bidaia, San Silvestre gau batean.

ORAINA

Gaur egun, bide berdea pasealeku zabala da, Bidasoa ibaiaren ibilbide osoa egiten duena, ibaiaren parean. Oinez zein bizikletaz, bide erraza eta atsegina aurkitzen dugu betiere, malda gutxirekin. Tren txikiaren bide zaharrari jarraiki, herriak zeharkatuko ditugu, tunelak igaroko ditugu, eta baserriz jositako paisaia berdearekin gozatuko dugu. Bidean barrena, dike txiki batzuk, kiwi-sailak eta ahaztutako bunkerren bat edo beste aurkituko ditugu. Oso bitxiak dira, halaber, izokinei ibaiko oztopoak gainditzen laguntzeko dauden ibai-eskalak. Bidean aurrera, zenbait tunel igaroko ditugu. Horietako bik ez dute argirik, eta, horregatik, hobe da esku-argi edo kopeta-argi bat eramatea.
Zorua aldakorra da bide osoan, asfaltoa, hormigoia eta lurra txandakatzen baitira, baina tarte guztiak bizikletaz ibiltzeko modukoak dira. Kontuz ibiltzea gomendatzen dugu, ondoko finketan bizi direnen ibilgailuak bidean sartzen baitira. Bidasoko bide berdea balio handiko turismo- eta aisia-baliabidea da, bertako zein kanpoko herritarrentzat. Naturak, historiak eta kirolak bat egiten dute ibaiaren eta mendi-hegalaren artean, Bidasoko bide berdea sortzeko.
Gipuzkoako tartea: Endarlatsatik aurrera, bide berdearen 7 km lurrezko zoruaz eta zurezko baranda batez egokitu dira. Baserri bat edo beste ikusiko dugu, baita merendero txiki bat ere. Adi egonez gero, Irunera iritsi aurretik Biriatu ikusiko dugu, bideko lehen herri lapurtarra. Punttetako gasolindegian amaitzen da ibilbidea, Irungo Behobia auzoan.

EUROVELO

EGaur egun, bide berdearen etorkizuna EuroVelo proiektu europarraren barnean dago kokatua. Abelbide eta trenbide zaharrak berreskuratu eta kultura-ibilbide interesgarriak aprobetxatu nahi dira proiektu horren bitartez, turismo iraunkorragoa sustatzeko eta jendeak bizikleta garraiobide gisa erabil dezan bultzatzeko. Malda gutxiko bideak bilatzen dira oro har, motor-ibilgailuak dabiltzan bideetatik urrun daudenak. ECF erakundeak (Europako Txirrindularien Federazioak) sortu zuen Eurovelo proiektua, Europa 12 ibilbidetan zeharkatzeko asmoarekin. 1. ibilbideak, “Kostalde atlantikoko ibilbidea” izenekoak, 8.186 km ditu guztira. Norvegiatik, Ipar lurmuturretik zehazkiago, abiatuko litzateke, eta, Erresuma Batua, Irlanda eta Frantzia zeharkatu ondoren, gure eskualdean sartuko litzateke bide berdea erabiliz, Penintsularen hegoalderantz jarraitzeko.

MENÚ